Txostenaren aurkezpena
1. Metodologia
1.1. Norberaren autonomiari eta mendetasunari buruz Estatu, autonomia eta foru esparruetan indarrean dagoen lege gorputzaren eta zenbait agiri espezializaturen azterketa
2.8.3. Erakundeen arteko koordinazioa
Gure erkidegoak daukan administrazio konplexutasuna ikusita, ezinbestekoa erakundeen arteko benetako koordinazio eraginkorra dagokien administrazioen artean.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeko 44. artikuluan xedatutakoaren arabera, Gizarte Zerbitzuen Erakundeen arteko Organoak euskal gizarte zerbitzuei buruzko erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa egituratzen ditu herri administrazioen artean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren batasuna bermatzeari begira. Erakunde hori Gizarte Zerbitzuen Erakundeen arteko Organoari buruzko martxoaren 30eko 101/2010 Dekretuaren bidez sortu da.
Arabako Lurralde Historikoan, norberaren autonomia sustatu eta mendekotasuneko egoerari arreta emateari buruzko erakundeen arteko koordinazioa Diputatuen Kontseiluaren abenduaren 17ko 66/2002 Foru Dekretuaren esparruan kokatzen da. Foru Dekretuak haien lurralde esparruetan oinarrizko gizarte zerbitzuak emateko 20.000 biztanletik beherako udalekin hitzarmenak sinatzea zuzendu behar duten irizpideak onartu zituen, eta haren I. Eranskinak Diputatuen Kontseiluaren urtarrilaren 12ko 1/2010 Foru Dekretua aldatu zuen.
Dekretu haren arabera, toki erakundeek Gizarte Politika eta Gizarte Zerbitzuetako Sailari lagundu behar diote oinarrizko gizarte zerbitzuak koordinatzeko eginkizunean, unitate horien eta Gizarte Ongizatearen Foru Erakundearen arteko komunikazio egokia ahalbidetu behar dute, zerbitzuen funtzionamenduari buruz eskatutako datu oro eman behar dute, garapen esparrua zonaldean duten foru zerbitzu eta programetan parte hartu behar dute, zerbitzua edo zerbitzuak fisikoki kokatzen diren lokalak eman behar dituzte, eta oinarrizko gizarte zerbitzuaren edo zerbitzuen benetako kostuaren %20 finantzatu behar dute.
Arabako Foru Aldundiak dioenez, udal horietako oinarrizko foru zerbitzuek berehala daukate mendetasuneko foru espedienteen egoerari buruzko informazio guztia, prozedura osoa biltzen duen sistema informatiko bakar batek kudeatzen dituelako; oinarrizko gizarte zerbitzuek Banakako Arreta Programak (BAP) prestatu eta informazioa Foru Aldundiari igortzen diote. Hark, bere aldetik, oinarrizko gizarte zerbitzu horien kostuaren %80 ordaintzeko konpromisoa hartzen du. Sarean antolatutako zerbitzu informatikoek eta aldian aldiko koordinazio bileren bidezko etengabeko jarraipenak koordinazio hori errazten dute.
Bestalde, adierazten digu hitzarmen horietan aipatutako Aldundiaren eginkizunen artean, oinarrizko gizarte zerbitzuari behar bezala funtzionatzeko behar beste argibide, laguntza tekniko eta aholkularitza ematea eta bere langileak Gizarte Politika eta Gizarte Zerbitzuetako Sailaren prestakuntza eta birziklatze planetan sartzea daudela.
Foru erakundeak eransten du, Gasteizko Udalari dagokionez, eskumenak erabat bereizita daudela: Aldundiak bere egiten du mendetasuneko arazoak duten pertsonen arreta eta Udalak autonomoak direnena Aldundiak jakinarazi digunez, erabiltzaileen datuak babesteari begira, Udalari adierazi zaio mendetasun espedienteari buruzko informazioa zuzenean dagokion pertsonari eskatu behar zaiola. Azkeni, ziurtatu digu "horri dagokionez erakunde bien arteko etengabeko lankidetza dago[ela], orain arte, ez [dela] datuak gurutzatzeko mekanismorik ezarri, eta, orokorrean, herritarrek erakunde eskudunera jotzen dute[la], zein den jakinarazitakoan".
Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi digu gizarte zerbitzu espezializatuek Banakako Arreta Programa (BAP) erabiltzailearen edo haren ordezkariaren partaidetzaz eta udal bakoitzeko oinarrizko gizarte zerbitzuen laguntzaz ezartzen dutela, azken haiei dagokielako mendetasunaren balorazio espedientearekin batera doan gizarte txostena prestatzea. Aldundiak aintzat hartzen ditu udal zerbitzu horiek egindako balorazioa, diagnostikoa eta proposamena eta, zalantzarik egonez gero, aholkua eskatzen zaie mendetasuneko egoeran dagoen pertsonaren premientzat egokiena den esku-hartze mota erabakitzeko.
Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du, kasu guztietan, eskatzailea erroldatuta dagoen udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuei mendetasuneko egoera onartzeko ebazpenaren eta egindako BAPen berri ematen zaiela, aurreikusitako zerbitzuak edota prestazioak ezagutu eta oinarrizko gizarte zerbitzu horrek pertsonari udal eskumenaren esparruan dauden baliabideak eman ahal izateko.
Gipuzkoari dagokionez, Banakako Arreta Programa (BAP) kudeatzeko hautatutako formulak berak ezinbesteko bihurtzen du foru eta udal administrazioen arteko koordinazioa. Foru erakundeak adierazi digunez, "mendetasuneko egoera onartzeko ebazpen guztietan interesatuak eskubidea duen zerbitzu eta prestazio guztiak (BAP teorikoa) adierazten dira. Bere interesen arabera, egokia deritzona eska dezake, oinarrizko gizarte zerbitzuen laguntzarekin (informazioa eta orientabidea), eta horrek azkenean hautatutako zaintza aukera (BAP erreala) dakar. Bestalde, edozein unetan, bere premien arabera, zaintza aukera hori alda dezake, eta horretarako oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileen laguntza izango du, horrela BAP errealari bizirik iraunaraziz, premiak aldatu ahala. Zentzu horretan, esan behar da Gipuzkoan ez dela hautatu 39/2006 Legeak bultzatzen duen BAPen kontratu ikuspegia; aitzitik, kontzeptu biziagoa hautatu da, eta hura bat dator gure lurraldeko gizarte zerbitzuen funtzionamendu historikoarekin".
Aldundi horrek jakinarazi digu, koordinazioa errazteko, "Gipuzkoan Internet bidezko aplikazio informatiko bat dago[era], EXTRANET izanekoa, eta horrek bidea ematen du[ela] sistemako eragile guztiek: Aldundiak, udalek eta zerbitzuen (balorazioa barne) hornitzaileek, sarean eta on-line lan egiteko; eta oinarrizko gizarte zerbitzu guztiek bide horretatik izapidetzen dituztela eskabideak, jarraipena egiteko eta emaitza ezagutzeko darabiltela".